Murgia, 2017ko azaroaren 13a_ Pasa den ostegunean egindako udalbatzarrean, Zuiako Udalak onartu zuen Kataluniako Errepublika aintzat hartzeko eta han sortu den egoera salatzeko mozioa. Testua, EH Bilduk proposatutakoa, bere 4 botuekin onetsi zen.Onartutako mozioan, Zuiako Udalak elkartasuna eta solidaritatea helarazten dizkio “gizarte katalanari eta bere erakunde legitimoei, Espainiako estatuaren jazarpen eta erasoen aurrean”. Era berean, “errotik ezesten du Kataluniako Govern-eko zortzi kideen kartzelatzea”. Eta horiek guztiaen eta Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten, ANC eta Omnium Cultural elkarte-buruen, berehalako askatzea eskatzen du.Mozioaren testu osorik jarraian irakur dezakezu:"Zuiako udalbatzak, une gogor hauetan, elkartasuna eta solidaritatea helarazi nahi dizkio gizarte katalanari eta bere erakunde legitimoei, Espainiako estatuaren jazarpen eta erasoen aurrean.Zuiako udalbatzak errotik ezesten ditu Estatu Espainiarraren jarrera antidemokratikoa eta errepresio gero eta bortitzagoa, Kataluniako gizarte eta erakundeen asmo eta xede justu eta demokratikoen aurrean.Zuiako udalbatzak errotik ezesten du Kataluniako Govern-eko zortzi kideen kartzelatzea, gizarte katalanak libre eta demokratikoki hautatutako gobernua baita, bere jarduna Kataluniako gizartearen gehiengoaren eskari eta gurariei erantzuna ematera bideratu besterik ez duelarik.Zuiako udalbatzak ezinbestean galdegiten du Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Raúl Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundó, Dolors Bassa, Meritxell Borràs eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, hurrenez hurren, ANC eta Omnium Cultural elkarte-buruen berehalako askatzea.Zuiako udalbatzak bere egiten du Kataluniak nola Euskal Herriak zein munduko beste edozein naziok zein bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duten eskubidea, autodeterminaziorako eskubidearen bitartez.Zuiako udalbatzak aitortu eta aintzatesten du Kataluniako Errepublika, zuzenbideko estatu independente, subirano, demokratiko eta soziala baita, Parlament-ek aldarrikatu zuen bezala Katalunian 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ondorioz.Zuiako udalbatzak erabaki honen berri emanen dio Kataluniako Generalitat-i eta Espainiako gobernuari.Zuian, 2017ko azaroaren 9an".