Zuiako Udalak, energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako energia-trantsizioa bultzatzeko eta hobetzeko lanean, instalazio fotovoltaiko berri bat jarri du martxan Bitorianoko udal araztegian.

51,20 kWp instalatuko potentziako instalazio fotovoltaikoa da, eta 40 kWko potentzia nominala du, guztira 128 modulu fotovoltaiko dituena. Horietako batzuk lehendik dauden eraikinen estalkien gainean kokatu dira, eta beste batzuk HUAren lurzatian bertan erabilgarri dagoen lursailaren gainean.

Egindako kalkuluen arabera, instalazioak urtean 60.641 kWh ekoitziko ditu; hau da, urtean 7.880 euro aurreztuko ditu autokontsumitutako energiak.

Proiektua gauzatzeko kostua, guztira, 57.460,90 eurokoa izan da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak diruz lagundu du proiektua, 2021eko ekitaldiko deialdian Leader eremuan landa-udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzen programaren bidez. Zuiako Udalari emandako dirulaguntza 30.468,69 eurokoa izan da.

Gogoan izan behar da egungo energia eredua, batez ere erregai fosiletatik sortutako energia ekoizpenean oinarritua, larrialdi klimatikoko egoeraren arrazoi nagusia dela. Beraz, tokiko energia berriztagarrian oinarritutako horrelako proiektu eta ekimenen bidez, Udalak aurrera egiten du berotegi efektuko gasak murrizteko eta krisi klimatiko globalaren aurrean borrokatzeko konpromisoan.