Zuiako udalak 2017ko aurrekontuak onartu zituen, azken udalbatzarrean. EH Bilduren udal gobernuak osatutako aurrekontuen proiektuak EAJko udal taldeen aldeko bozka jaso zuen; ZBGk, berriz, aurkako botoa eman zuen, PP abstenitu zen bitartean.
Guztira, 2017ko aurrekontuak 5,5 euro ditu, gutxi gora behera, udalak izan ohi duen aurrekontua baino pare bat milioi euro gehiago, foru-diputazioak emandako subentzioek eta udal aurrezki-kutxatik aterako direnak.
Hain zuzen ere, aurten burutuko diren bi inbertsio handi egin ahal izateko: batetik, pauldarren komentua erosteko zenbatekoaren bigarren erdia (0,7 milioi euro), bertan udalerriko ikastetxeak kokatzeko, eta Domingo Sautu kaleko azpiegiturak berritzeko lana (1,5 milioi euro), Murgia alderik alde zeharkatzen duen kalea.
Zuiako alkateak, Unai Gutiérrez Urkizak azpimarratu nahi izan duenez “aurrekontu hauek eskatzen duten ahalegina handia izan arren, ez dugu inolako murrizketarik egin eta zuiarren premiei erantzuten jarraitzeko tresna erabilgarri gisa ikusten ditugu”.
Aurrekontuetan jasotzen diren egitasmoen artean, jarraipena eman nahi zaio, batetik, eredu energetikoa aldatzeko proiektuari, biomasa eta aurrezki-neurriak bideratuz udalaren zein kontzejuen instalazioetan. Bestetik, Palatuko kirol instalazioak handitzeko proiektua idatziko da aurten eta hirigintza-plan orokorra berritu.
Partida berririk ere bada 2017ko aurrekontu zuiarrean. Hauen artean hiru lirateke bereziki esanguratsuak:
- etxebizitza-alokairua ordaintzeko laguntzak jarriko ditu udalak udalerrian pairatzen den arazo larri hau arintzeko asmoz.
- udalerriko ikastetxeetan inbertsio txikiak egiteko partida jarri da, eta
- Elena Loio atleta zuiarrak izango duen babes-laguntza, 1.800 eurorekin.
Zuiako alkatearen esanetan “zuiar guztion ekarpenekin osatutako aurrekontuak dira eta zuiar guztiontzat, Zuiak dituen problemei konponbidea jartzeko”; izan ere, aurrekontuen zirriborroak hartuta, udalerria osatzen duten hamaika herrietan bilerak egin baitira hiritarrekin aurrekontuen egitasmoa azalduz eta hiritarren iradokizun eta ekarpenak jasoz.
Ondoren ezarri da onartutako aurrekontuen zirriborroa.