Zuiako eta Urkabustaizko udalek URA eta AFAko Ingurumen ordezkariekin izandako batzarra positibotzat hartzen du Zuiako Udalak.
Azken astean, Zuia eta Urkabustaiz udalerrietarako ur horniduraren proiektuari buruz hainbat komunikabidetan agertutako informazioei dagokienez, jakinarazi nahi da joan den otsailaren 1ean Zuiako Udalak, Urkabustaizko udalerriko hainbat erakunde eta administraziorekin batera, bilera izan zutela URAren egoitzan. Bilera horretan, aipatutakoez gain, URAren zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak parte hartu zuten.
Udalek eskatutako bilera horretan, aurrerapausoak eman ziren bi udalerriek sufritzen dugun ur horniduraren arazoari irtenbidea emateko.
Aurrerapen gisa, zehaztu da Urkabustaizko Uren Ermandadea izango dela udalerriak urez hornitzeko eraikiko den azpiegitura kudeatuko duena. Horren barruan Zuiako Udala ere sartuko da, jakina.
Era berean, adostu da URAk idaztea proiektuaren garapenean administrazio bakoitzak izango dituen betebeharrak eta eginkizunak zehaztuko dituen dokumentua.
Bestalde, zehaztuta dago URAk finantzatuko dituela azpiegitura eraikitzeko kostuak (proiektua amaituta dago), eta hitzarmen hori sinatzearekin batera hasiko dela administrazio eta izapide fase osoa, aspaldiko hornidura arazo horri konponbidea emango diona.
Zuiako Udalak positibotzat jo ditu aurrerapen hauek, eta uste osoa du konponbidea egunetik egunera gertuago dagoela.