Argazkia: Gorbeia Gune Turistikoa.Denok dakizuenez, alarma-egoera ezarri zenetik eta, oro har, eta udal mailan egiten joan diren murrizketak ikusita, ugariak dira ukituta eta eraginik jaso duten zerbitzuak.Zerbitzuetan izandako eragin horiek ondorioak dakartzate kontratuen arloan, bai eta maila ekonomiko zein fiskalean ere.Udalerriaren barruko egoera eta izaten ari diren eraginak baloratu ondoren, Zuiako udalak honako neurri hauek hartu ditu eta hartu baldintza eta helburu oinarrizko eta funtsezko batez, hain zuzen, salbuespenezko egoera horren aurrean administrazioek ahalik eta gehien arindu behar ditugula egoera horrek herritarrengan eta, oro har, familia, ekonomia, gizarte eta lan-eremuan dituen ondorioak, norbanakoaren eta komunitatearen mailako osasuna beste ezeren gainetik lehenetsiz. Hona proposamena:

· Udal zergak eta tasak kobratzeari dagokionez, aldi baterako etetea proposatzen da, egoera normalizatu arte. Behin normalizatuta, kobratzeko egutegi bat osatuko da, denbora gutxian kobrantza asko ez metatzearren eta familien ekonomia are gehiago ez kaltetzeko asmoz.

· Musika-Eskolaren, zaintzaren eta kirol jardueren prezio publikoei dagokienez, ez dira martxoko kuotak igorriko, ez eta jardueren etenaldiak aurrerantzean eraginen dituen hiletakoak ere. Hala egingo da musika-eskolaren eta zaintza-eskolaren kasuan; kirol jardueren kasuan, berriz, ez da igorriko, oraingoz, bigarren hiruhilekoaren prezioa eta, egiten denean, baloratu beharko da zer portzentajetan egiten den.

· Enpresa desberdinekin indarrean dauden zerbitzuak emateko kontratuei dagokienez, Zuiako Udala saiatuko da bere esku dauden tresna juridiko-administratiboak aplikatzen, eraginpeko langileek neurri horien aurretik zituzten soldata eta enplegu-baldintza berberei eusten dietela bermatzeko.

Neurri horren bidez ekidin nahi da langileek eragin eta kalterik jasatea udalaren eta administrazioaren erabakiengatik.

· Plantillan dauden udal langileei dagokienez, udal honek erabaki du, langileekin ados jarrita, ahal denik eta gehien mugatzea udal instalazioetan   pertsonalaren presentzia eta joanetorriak. Halaber, bertaratze hori txandaka antolatu da eta, ahal den guztietan, telelanaren modalitatean egingo da lan.

Ildo beretik, Zuiako udalak, epe ertain batean, tresna edo formularen bat diseinatzeko asmoa du egoera horren eraginpean dauden udalerriko saltoki, autonomo edo enpresa kaltetuei laguntzeko, beste administrazio batzuk hartzen ari diren beste neurri batzuk kontuan hartuta eta neurriok osatzen saiatuta.

Aurrez planteatutako neurri hauek guztiak helburu bakarrari erantzun nahi diote Zuiako gizartearen esparru guztiak babestea, administrazio garen aldetik, gure administrazioaren egoera ekonomiko onak ahalbidetzen digun baliabide guztiak oro Zuiako herritarren eskura jarriz.

Mila esker eta zain dezagun elkar!

Zuian, 2020ko martxoaren 30ean

 

(Zuiako Udalaren neurri hauekin zabaldutako bandoa beheko pdf dokumentuan daukazu)