Jakina da ekaina dela ZUIA EUSKARAZen hilabetea. Astez aste, hainbat jarduera antolatzen ditu Zuiako Euskara Lan Taldeak, ideia edo lema baten babespean (apuntatu aurtengoa: ZUIARREKIN!).Ekainaren 9an abiatuko da egitaraua, "Egun on, Capitan" dokumentalaren emanaldiarekin; eta ekainaren 25ean izango da amaierako egun handia, Oroko zelaietan egingo dugun festa-egunarekin.

Euskararen aldeko ekimen faltarik ez da izan(go) 2022an: joan den apirilean egin zen 22. Korrika, eta azaroaren amaieran egingo da Euskaraldiaren 3. edizioa. Hitzaren eta ekintzaren arteko lotura nabarmendu dute bi ekitaldiek, beraien goiburuetan: HITZEKIN! izan zen Korrikaren lema, eta HITZEZ EKITEKO GARAIA izango da Euskaraldiarena.

Zuiako euskara lan taldeak hitzetan eta ekintzetan sinesten du, eta elementu berri bat gehitu dio bikote horri: zuiarrak. Zuiako herritarrak baitira hitza eta ekintza lotzeko ardatz. Beraz, hortik dator aurtengo Zuia Euskarazen lema: ZUIARREKIN!

Korrikak utzitako aho-zapore gozoaren eta Euskaraldiak eskatuko duen biziberritzeko indarraren arteko zubia izango da Zuia Euskaraz. Eta, zubia behar bezala igarotzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu lan-taldeak, ekainean zehar. Oraingoz, bi aurreratuko dizkizuegu:

  • Batetik, ekainaren 9an (osteguna), 19:30ean Zuiako liburutegian eskainiko dugun dokumentala: "Egun on, Capitan". Idoia Rubial eta Maite Zumarraga eskalaitzaileek egindakoa da, eta Yosemiteko "El Capitan" harkaitz ezaguna eskalatzeko bidaia kontatzen du. Jarduera hau, Zuiako kirol elkarte eta klubekin batera kirolaren esparruan euskararen erabilera handitzeko martxan jarritako dinamika baten lehen emaitza da. Gonbidatuta zaudete!
  • Bestetik, ekainaren 25ean (larunbata), Oroko zelaietan egingo dugun ZUIA EUSKARAZ EGUNA. Egun osoko egitarauarekin, euskara ardatz, elkarrekin egon eta ondo pasatzeko egun ederra izango da. Xehetasunak, aurrerago zabalduko dizkizuegu.

 

Eta, bitartean, etorriko dira hitzordu gehiago. Egon adi, beraz... ZUIARREKIN, ekaina euskaraz pasako dugu!